XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Abertzaletasunaren azkeneko helburuak ez dira, noski, Estatututxoren bat, edo mikeleteak berrezartzea, edo guk ere ikurrinaren kolorez sapailoak apaintzea.

Hego Euskadi batu beharko da.

Euskadi berreuskaldundu egin beharko da (eta, besteak beste, bakearengatik: elkarrekin nahasian bizi diren bi komunitate arrotzek, bi komunitate etsaitan bukatzen dute).

Ipar Euskadirekin lotu beharko da, orain ez dakit nola.

Autonomia sendotu beharko da: alde guztietatik, hots, kulturalki, ekonomikoki, etab.

Beraz, dinamika nazional bortitz bat beharko da, hori dena egiteko.

Baina utziko al dio Madrilek holako dinamikarik desarroilatzea Gobernu Autonomoa izango omen denari?.

Eta, utziko balio ere (Estatua, biolentzia historikoa, dexente inplantaturik dago hemen berton buru-bihotzetan), eginkizun luze eta nekagarri honetan, ez al litzateke faktore dinamizatzaile izango borroka harmatua?...

Alderantziz ere pentsa liteke, pentsatzen da: bide zail hori zailagotu besterik ez dutela harmek egiten...

Edo pentsa liteke, alderantziz berriro: ETArik ez balego, oso lan guti izango luke UCDek, PNV eta, toreatzen...

Pentsatu, edozertsu pentsa liteke.

Batzuek eta besteek dituzten arrazoiak, ikusten joan behar.

Bitartean, denek bakea nahi omen dute.

Biolentzia ez omen du inork nahi.

Batek KASen puntuekin bakeatuko luke Euskal Herria.

Besteak Martin Villaren hamabost puntuekin.

Benegasek dioenez, PSOEk konponduko luke hau dena.

Dagoena dago. Eta hemen biolentzia dago.

Ez ezker abertzalearen batasunik dago, abertzaleen batasunik are gutiago, eta ez Gobernuaren borondate izpirik dago, euskal arazoari irtenbiderik emateko.

Borroka harmatua gaizki eta politikoa okerrago.

Eta, beraz, niretzat inolaz ere ez da biolentzia, Euskadik gaur daukan problema larriena, pertsonalki mingarriena bera izan arren.

Momentu honetan, beraz, problema ez da, biolentziari ez zaiola ikusten soluziorik; soluzioak inondik etorri behar duenik, ez dela ikusten, hori da problema.

Egoera honek soluziorik ez badu, biolentziarik bai, ala biolentziarik ez, berdin, ez da problema inportantea.

Beste nondibait laguntzen ez badu, behintzat, ez dakidan federen batek...